Zer den eta zertarako sortu den Arabako Gizarte-zerbitzuen Behatokia

Gizarte-zerbitzuak sektore berri samarra dira gure inguruan, baina baita gizarte-babesaren esparruan gehien aurreratu dutenetako bat ere, azkeneko hamarraldi hauetan. Sektorea azkar hazi da, eta sektorearekin batera bai laguntza eskaintzen dien pertsona-kopurua, bai sektorean diharduen langile-kopurua, bai hura indarrean mantentzeak berekin dakarren inbertsio publikoa ere. Gainera, egun eskaintzen dituen prestazioak eta zerbitzuak asko eta askotarikoak dira.

Hazkunde azkar horrek behartuta, abian jarri dira informazio-tresna desberdinak, bi helbururekin: batetik, Lurralde honetan dauden gizarte beharrak jakitera emateko, eta, bestetik, haiei erantzuteko modurik egokiena zehazteko. Horretarako, hor ditugu Eustatek urtero argitaratzen dituen Gizarte- zerbitzuen Estatistika eta Zerbitzuen Eskabideari buruzko Estatistika, Eusko Jaurlaritzak argitaratzen duen Gastu Publikoari buruzko Txostena, eta zerbitzuen organo kudeatzaileek urtero argitaratzen dituzten memoriak eta zerbitzu-gidak. Informazio-iturri horiek datu asko eskaintzen dituzte Erkidego mailan, baina ez diete beti modu egokian erantzuten tokian tokiko informazio-premiei, eta hori oso garrantzitsua da Gizarte-zerbitzuena bezalako sistema deszentralizatu batean.

Gizarte-zerbitzuak Lurralde Historiko honetan egiten ari diren lanari buruzko informazio-tresna osagarri gisa sortu da, hain zuzen ere, Arabako Gizarte Zerbitzuen Behatokia. Web honen bidez, Arabako Foru Aldundiak Gizarte Ongizatearen alorrean diharduten teknikarien eta, oro har, herritar guztien esku utzi nahi ditu datu estatistiko batzuk, honako helburu hauekin:

  • Gizarte-zerbitzuen Arabako sarean dauden magnitude nagusiak ezagutzea.
  • Koadrila eta/edo udalerri desberdinen arteko konparazioak egitea.
  • Erabilgarri dauden baliabideak Lurralde Historiko honen egungo beharretara behar bezala egokitzen ote diren ebaluatzea.
  • Erreferentzia zerbitzuak praktika oneko estandarretara ongi egokitzen ote diren ebaluatzea.
  • Gizarte-zerbitzuek Lurralde Historikoan duten bilakaeraren jarraipena egitea.

 

Edukiak eta antolamendua

Behatokiaren edukiak hiru sailetan antolatzen dira:

Datu estatistikoak

Arabako Gizarte Zerbitzuen Behatokiaren modulu zentrala da. Bertan, erabiltzaileek era askotako datuak kontsulatu ditzakete, Lurralde Historikoaren ezaugarri sozio-demografiakoari buruzkoak, bertan dauden gizarte behar desberdinen bilakaerari buruzkoak, eta behar horiei erantzuteko abian jarritako Gizarte-zerbitzuen Sareari buruzkoak. Gainera, datu horiek taula edo mapa moduan ikusteko aukera dago.

Liburutegi digitala

Sail honetan, erabiltzaileek Arabako eta EAEko gizarte-beharrei eta gizarte-zerbitzuei buruzko dokumentu interesgarriak kontsultatu ditzakete.

Behatokiaren Buletinak

Urtean zehar Behatokiaren web orrian argitaratutako datuak sakon aztertzen dira Buletin Estatistiko batzuetan. Interesatuek web orriaren sail honetatik deskargatu ditzakete dokumentuok.